top of page
Writer's pictureOndareup

Emakumeen espazioak birpentsatzen

Ainhoa Azkarate


Zein esango zenuke izan dela gure gizartean aldaketa handiena ekarri duen XX. mendeko asmakizun teknologikoa? Ez da galdera erraza, ziur. Hurrengo lerroetarako erantzun ezohiko bat hartuko dugu abiapuntu: Garbigailua. Izan ere, genero perspektiba batetik gutxik izan dute garbigailuak izan duen eragin soziala, eta teknologia berri horrek atzean utzitakoaren arrastoak ikusgai ditugu hiri paisaian.


Gure herri eta auzoetan, oraindik ere, garbigailu gabeko bizitzaren testigantza ematen duen elementu arkitektoniko bat aurki daiteke. Garbitoki publikoa dugu hau, antzina emakumeen topaleku izandakoa.


Emakumeari esleitutako genero-rolen barruan, zaintza lanak burutzea izan da mendeetan zehar haien erantzukizuna. Garbigailua, ur korrontea eta elektrizitatea etxeetara iritsi aurretik, garbitokietan pasatako denbora haien sozializazio unea bihurtu zen. Berez emakumeentzat erreserbatutako gunea zen hura, etxetik kanpo beste emakumeekin partekatutako espazioa. Bertan partekatzen zituzten berriak eta inguruko gertaerak. Bere sinpletasunean, emakumeentzat zuen garrantzia ukaezina da, naiz eta beste kasu askotan bezala, ez den begi hutsez ikusten.


Azken urteetan ahalegin berezi bat egiten ari da hiri-ondare honen zaharberritze prozesuan. Gaur egun garbitokien jatorrizko erabilera galdu den arren, ur kudeaketa egokiaren eta emakumeentzat izan duen garrantziaren erakusle izanik, ondare kultural honen kontserbazioa bermatzea ezinbestekoa da.


Bada garbitokiaren testigua hartu zuen garbigailua gaurko bizi estiloaren germen bezala hartzen duenik, emakumearen emantzipazioan izan duen rola goraipatzen duenik ere. Hala ere, ezin dugu ahaztu emantzipazio bide horretan garrantzi gehien izan duen fenomenoa azken mendeetako korronte feminista edo feminismoaren olatu desberdinak izan direla. Garrantzitsua da puntu hau argi izatea: garbigailuak eragina izan zuen emakumearen gain jartzen diren zaintza erantzukizunen pisuaren murrizketan, baina ez da berez emantzipazio edo rol aldaketen arrazoia.


Hemendik aurrera zaintzaren eta genero rolen inguruko eztabaida sakon bat emateko aukera zabaltzen da. Zergatik ez bihurtu, zure lagunekin batera, auzoko garbitokia debate honen lekuko?



18 views0 comments

Recent Posts

See All

Kommentare


bottom of page