top of page
Writer's pictureOndareup

UNESCOren 2003ko konbentzioa: 20 urte ondarea babesten

Kultur Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa 2003an onartu zuen UNESCOk, eta, horrela, oinarrizko printzipioak ezarri ziren kultura-ondare immaterialaren kudeaketari dagokionez. Akordio hori Munduko Kultura eta Natura Ondarea Babesteko Konbentzioaren osagarria da. Erakunde berak 1972an onartu zuen, eta helburua zen mundu osoko kultura- eta natura-ondarea identifikatzea, babestea eta kontserbatzea.


Halaber, giza eskubideen arloan lehendik zeuden nazioarteko tresnetan oinarrituta dago dokumentua, besteak beste, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean; 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean; urte bereko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean; eta 2001eko Kultur Aniztasunari buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsalean.


Konbentziren 2.artikuluak ezartzen duenez, kultura-ondare immateriala honako hauek dira: “komunitateek, taldeek eta, kasu batzuetan, gizabanakoek beren kultura-ondarearen zati gisa aitortzen dituzten erabilerak, irudikapenak, adierazpenak, ezagutzak eta teknikak, berezko dituzten tresna, objektu, tresna eta kultura-espazioekin batera”. Gainera, artikulu horrek berak xedatzen du “belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela, komunitateek eta taldeek etengabe birsortzen dutela beren ingurunearen, naturarekiko elkarreraginaren eta historiaren arabera, nortasun- eta jarraitasun-sentimendu bat elkartuz eta, horrela, kultura-aniztasunaren eta giza sormenaren errespetua sustatzen lagunduz”.


Kultura-ondare immateriala babesteko eta sustatzeko, 5. eta 25. artikuluek ezartzen dute Kultura Ondare Immateriala Babesteko Gobernu arteko Batzordea izango dela Konbentzioaren aplikazioa zainduko duen organoa, Kultura Ondare Immateriala Babesteko Funtsaren baliabideak erabiltzeko gidalerro operatiboak eta plana landuz.


Azkenik, 11. artikuluak adierazten du “estatu alderdi bakoitzari dagokiola bere lurraldean babesa bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea”, besteak beste, “bere lurraldean dauden kultura-ondare immaterialaren elementuak identifikatzea eta definitzea, dagozkion komunitate, talde eta gobernuz kanpoko erakundeen parte-hartzearekin”.


Zer ekarri du ondare imaterialaren babesera?



Testuaren helburua, 1. artikuluan ezartzen den bezala, “kultura-ondare immateriala babestea eta kasuan kasuko komunitate, talde eta gizabanakoen kultura-ondare immateriala errespetatzea” da, bai eta “tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan kultura-ondare immaterialaren garrantziari eta ondare hori elkarri aitortzeari buruzko sentsibilizazioa” ere,” nazioarteko lankidetza eta laguntza” bezalaxe.


Beraz, aipatutako Konbentzioak, babes-neurri batzuen bidez, belaunaldiz belaunaldi, kultura-ondare immaterialaren transmisioa bermatzen lagundu du. Neurrien artean, 2. artikuluak zehazten ditu ondare horren “identifikazioa, dokumentazioa, ikerketa, babesa, sustapena, balorizazioa, transmisioa (...) eta biziberritzea”.


Era berean, estatu mailan, konbentzio hau oinarri izan da Espainako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legea eta Kultur Ondare Immateriala Babesteko maiatzaren 26ko 10/2015 Legea aldatzen dituen lege-aurreproiekturako. Horrela, Estatutak kultura-ondarearen arloan dituen eskumenetara egokitu ahal izango da, Konstituzioaren eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziaren arabera.


Hortaz, testuak kultura-ondasunaren nozioa eman zuen, objektuen kategoria orkor eta homogeneo gisa, beren balio kultural bakarragatik babesa merezi dutela uste baita. Kultura-aniztasuna sustatzeko nazioarteko politikek ere bilakaera nabarmena izan dute; izan ere, nazioarteko komunitateak lehen aldiz adierazi zuen ordura arte horrelako esparru juridiko eta programatikorik ez zuten adierazpen eta adierzpen mota batzuei laguntza eman behar zitzaiela.


Zergatik da garrantzitsua tresna hau edukitzea eta estatuek berrestea?


Lehen aipatutako Konbentzioaren helburuak bete daitezen, estatuek berretsi egin behar dute, eta, horrela, testu horretan ezarritako erantzukizunak bete behar dituzte. Horregatik, testua berrestean, estatuek konpromiso hauek hartzen dituzte:


  • interesa duten komunitateekin lankidetzan, kultura-ondare immaterialaren inbentarioak zehaztu eta egitea,

  • politikak formulatzea eta horiek gainbegiratzeko eta sustatzeko erakundeak ezartzea, eta

  • ikerketa bultzatzea.


Era berean, Kultura Ondare Immaterialaren Zerrendan elementuak inskribatzea lagungarria izan da ondare horren garrantzia aitortzeko, haren ikusgarritasunari esker. Lehen, kultur ondare immateriala terminoa lausoa, misteriotsua eta zehaztugabea zen, eta, beraz, ez zitzaion behar bezalako arretarik ematen, iseka eginez. Estaldura mediatikoaren, kontzeptuaren hedapenaren eta solaskideen mobilizazioaren ondoren, gizarte-kohesioarako funtsezko garrantziaren aitorpen positiboa sortu zen.


Laburbilduz, 2003ko Konbentzioa Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen tresna arau-emaileetakoa da kuluraren arloan, eta garrantzi handiagoa du kultura-aniztasunaren aldeko jarduerak antolatzeko.



Erreferentzia bibliografikoak:


Egilea: Miren Iturregi Rojo, EHU-UPVko Zuzenbide Graduko 4. mailako ikaslea.



17 views0 comments

Comments


bottom of page